2016/02/29

Truman

Laster, danak hilko gara.

Barkatu holan hasteagaitik, baina “hausterre eguenean” honela gogoratzen deutset ikasleei. Batzuk ez dabe entzun gure: “Jo maisu, ez esan hori”. Beste batzuk onartzen dabe: “ Ba horrela da”; eta gitxi batzuk ez dabe onartzen: “Ni ez, maisu. Ni ez naz inoiz hilko.
Garizuman, heriotzaz eta bizitzaz hausnartzeko momenturik egokiena da: Kontziente naz nire bizitza “laster” amaituko dala? Eta mila miloi urte barru, hemendik, gutaz, ez dala gauza handirik geratuko? Banago benetan gura dodan moduan bizitzen? Eta, zer egin behar dot benetan bizitzeko? Azkenean, zer egin gura dot niri bizitzagaz? Ez legoke txarto denboratxo bat hartzea, honetaz hausnartzeko. Mugikorra amatatzea. Eguneroko zaratatik alde egitea… Eta hausnartzea …

Gaur aurkezten deutsudan pelikula Truman da. Kartelean ikusten dozuenez, film honek lau protagonista dauz: Julian (Ricardo Darín), Tomas (Javier Cámara), Truman (Txakurra) eta kartelean agertzen ez dan protagonista nagusia: heriotza.
Julianek aste gitxi barru hilko dala argi daki. Eta izugarrizko normaltasunagaz momentu hori prestatzen ari da. Canadatik, bere lagunik onena, Tomas, lau eguneko bisita bat egitera etorriko jako. Euren azkeneko egunak alkarregaz. Holan esanda, negar egiteko drama hutsa izango zala pentsatu daikezu. Ba ez, ez da hainbesterako. Film honen zutabe nagusia onestidadea da, zintsutasuna. “Como la vida misma”. Pentsaraziko deutsu. Eta merezidu dalakoan nago.

Filmak kritika bikainak jasotzeaz aparte, 5 Goya jaso dauz: euren artean filmik onena, aktorerik onena, eta zuzendaririk onena sariak. Beste alde batetik, Ricardo Darin gure bideotekaren lagun ona da, eta “Un cuento chino” eta “El secreto de tus ojos” be eskura dozuz.

Pelikula hau, edo bideotekan dogun beste film bat ikusi gura badozu eskaidazu e-mailez. Libre geratu bezain pronto esango deutsut. Eta beste pelikula bat proposatu gura badozu, askatasunez egin.

Beno lagun, ondo izan eta jarraitu zinemaz, eta bizitzaz, gozatzen.


Egun ona izan,

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina